Kreditu Politika
Zure diruak nor finantzatzen duen eta nor ez
Gure kredituak ematean ez da errentagarritasuna soilik kontuan hartzen. Gure “Manifestu Politikoarekin” bat, sustatu beharreko proiektuak baloratzean eta hautatzean, kontuan hartzen dugu bai zenbateraino diren bideragarriak eta bai zer-nolako sentsibilitatea duten gizarte-arloan, ingurumen-arloan eta etika-arloan.
Politika horren ondoriozko erabakiek garrantzi handia dute koherentzia bermatzeko bai jarduera operatiboen, bai estatutuetan jasotako misioaren eta bai gure Kode Etikoaren artean; eta gure aurreztaileekiko nahiz gure oinarri sozialarekiko eta bezeroekiko dugun itunaren oinarrian daude.
Zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da prozedurak zuzenak eta argiak izatea, araudia errespetatzea eta zuhurki kudeatzea, baina Fiare Banca Eticaren kreditu-prozesuaren ezaugarri bereizgarria da krediturako merezimendua ebaluatzea, bai elementu ekonomikoen arabera (azterketa teknikoa), bai elementu ez-ekonomikoen arabera (sentsibilitatea izatea gizarte-arloan, ingurumen-arloan, etika-arloan…).
“Nire diruarekin” atalean, Fiare Banca Eticaren kreditu-politikaren koherentzia egiaztatu dezakezu.
Finantzatze-arloak
Honako sektore hauek dira finantzagarriak:
- Gizarte-ongizateko sistema: zerbitzu soziosanitarioak, etxebizitza sozialak, asistentziarako mikrokredituak.
- Efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak: higiezinen isolamendua, kogenerazioa, eguzki-energia termikoa, fotovoltaikoa, eolikoa, hidroelektrikoa.
- Ingurumena: hondakinen kudeaketa, lehengaien birziklapena, ekoizpen eko-bateragarriak.
- Hurbileko nekazaritza: produktu organikoak (ekologikoak) ekoitzi eta merkaturatzea, eta bai merkaturatze-kanal laburrak, bai kontsumo-taldeak eta bai elikadura-subiranotasunaren prozesuak sustatzea.
- Nazioarteko lankidetza: Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak eta/edo nazioz gaindiko erakundeek onartutako garapenerako lankidetza, eta mikrofinantzak, finantza etiko eta solidarioak.
- Animazio soziokulturala: hezkuntza, kultura, kirola, gaztelekuak, etab.
- Bidezko merkataritza; hemendik bertatik lan egiten duten erakundeak.
Sektoreren bat finantzagarria den interpretatzean zalantzarik sortuz gero, Etika Batzordean eztabaidatu behar da.
Finantzatu ezineko jarduerak
Giza garapena oztopatzen duten jarduera ekonomikoak finantzatzeko aukera baztertzen dugu; bereziki hauek:
- Armen ekoizpena eta merkaturatzea; ingurumenean eragin negatibo nabarmena duten jarduerak; gizakiarentzat eta ingurumenerako arriskutsuak diren energia-iturrien eta teknologien erabilpena eta garapena.
- Haurren lan-esplotazioa, giza eskubideen urraketa.
- Abereen hazkuntza intentsiboa, ziurtagiri ekologikoaren estandarretan ezarritako irizpideak betetzen ez baditu.
- Populazio-gutxiengoen esklusioa/bazterketa.
- Giza eskubideak nabarmen errespetatzen ez dituzten eta/edo ingurumena suntsitzearen erantzule larriak diren erregimenekin harreman zuzena dutenak.
- Zientzia-arloko ikerketa-jarduerak, subjektu ahulekin edo tutoretzapean ez daudenekin edo animaliekin esperimentatzera bideratuak.
- Sexuaren merkantilizazioa.
- Zorizko jokoak.
Finantzaketa-eskaeren ebaluazioa
Finantzaketa-eskaerak ebaluatzeko, ezinbestekoa da bezeroak, proiektuak eta haien eskakizun zehatzak ezagutzea. Finantzaketa guztiak Fiare Banca Eticaren egitura operatiboak ebaluatzen ditu, mailegua itzultzeko ahalmen ekonomiko eta finantzarioaren arabera.
Erakundeei emandako kredituek gizartean eta ingurumenean zer-nolako eragina duten zehazteko, ebaluazio etiko-sozialerako batzorde batek egindako azterketa bat baliatzen da. Batzorde hori bazkide diren pertsona eta erakundeen lurralde-antolakundeko boluntarioek osatzen dute, dagokien erregistroan inskribatuta daudenak, eta horiei esker egiten da bezeroek krediturako duten merezimenduaren ebaluazioa, adierazle ez-ekonomikoak ere aintzat hartuta.