Historia
Historien historia
Gure historiako gauzarik garrantzitsuena da beste historia asko egingarri bihurtu ditugula. Alegia, pertsonen eta erakundeen historiak ahalbidetu ditugu; izan ere, hainbat lagunek beren proiektuak garatu ahal izan dituzte, eta beste hainbat erakundek mundua hobetzen lagundu dute. Baina, nolanahi ere, hau da gure historia.
2003an, finantza etikoetan interesa zuten zenbait taldek Fiare Fundazioa sortu zuten Euskadin, banku etiko baten oinarriak ezarriko zituen herritar-mugimendu aktiboa eraikitzeko. 2005ean, kontratua sinatu zen Banca Popolare Eticarekin, eta, hala, finantza-bitartekotzako jarduera hasi genuen Espainian.
Urte askoan herrialde osoan gizarte-kapitala biltzeko kanpaina egin eta lehen kredituak eman ondoren, 2011n Fiare eta Banca Popolare Etica bateratzea proposatu zen. Bi herrialdeetako batzarretan onartu zen, eta 2013an Fiare Arloa sortu zen Banca Popolare Etican. 2014ko udazkenean hasi zen etapa berri hori, Fiare Banca Etica izena hartuta, Espainiako Bankuaren legezko fitxarekin.
Milaka bazkideri esker, finantza-erakunde etiko eta kooperatibo bat sortzeko ametsa gauzatu da, Europa mailako dimentsioarekin.
Italian, finantza etikoen lehen esperientziak MAG kooperatibak (Mutue per l’Autogestione) izan ziren. Asmoa ez zen dirua biltzea eta finantzatu beharreko proiektuak bilatzea, baizik eta lehenik finantzaketa behar zuten gizarte-enpresak aurkitzea eta gero gizarte-enpresa horiek behar zutenaren zati bat maileguan emateko konpromisoa hartuko zuen jendea lortzea.
90eko hamarkadan, MAGak harremanetan jarri ziren gizarte-lankidetzaren, boluntariotzaren eta elkarteen munduko erakundeekin, sektore horietarako finantza-proposamen egokia eratzeko. Ekimenak arrakasta izan zuen, eta 1994ko abenduan Cooperativa Verso la Banca Etica izeneko proiektua sortu zen. 1999an, herri-bankua bihurtzeko behar zen kapital soziala bildu zen, eta Banca d’Italiaren baimena eskuratu ondoren, Paduan ireki zen lehen filiala. Lurralde Ekimeneko Taldeei esker (LET), gure presentzia Italia osoan sendotuz joan zen pixkanaka, filial berriak irekita, gero eta pertsona gehiago inplikatuta eta kapitalizazioa sustatuta.