Gizarte-erantzukizuna
Kapitala soziala denean, erantzukizunak ere soziala beharko du izan, inoiz baino gehiago
Horregatik, gure erantzukizuna bazkideen kapitala ondo kudeatzetik harago doa. Mundu hobea, bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko erantzukizuna dugu. Benetako erantzukizun soziala.
Kode Etikoa
Kode Etikoa Banca Etican inplikatutako pertsonekiko kontratu sozial bat da. Bankuaren jardueraren etika definitzen du, hainbat gauza zehaztuta: berdintasun eta justizia irizpideak, erreferentziako balioak, printzipio orokorrak eta bankuak interesdunekiko harremanetarako kontuan izan beharreko jarraibideak.
Estatutuan, Finantza Etikoen Adierazpenean eta Banca Eticaren Adierazpenean oinarrituta daude balioak. Argi eta zehatz identifikatzen eta adierazten dira, eta honela ulertzen ditugu:
- Pertsona ardatz hartzea: pertsonak funtsezko elementuak dira Banca Eticaren ekintzan; izan ere, Banca Eticak aitortu, errespetatu eta babestu egiten ditu pertsonak.
- Berdintasuna: aberastasunen eta baliabideen banaketa bidezkoan gauzatzen da.
- Erantzukizuna: ekintza ekonomikoen ondorio ez-ekonomikoei etengabe begiratzen zaie; hau da, finantzaketaren jarduerak gizartean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioei etengabe jartzen zaie arreta.
- Gardentasuna: horixe da Banca Eticaren eta interesdunen arteko harremanen eta komunikazioaren estiloaren ezaugarria.
- Lankidetza: ongizatea guztion konpromisoari esker bakarrik lor daitekeela sinesten dugu.
- Elkartasuna: egoera ahulean dauden pertsonen kezkak hautemateko gaitasuna dugu, eta behartsuenen mesedetan interes komuneko konponbideak aurkitzeko konpromisoa hartu dugu.
- Partaidetza: bazkide, kolaboratzaile eta aurreztaileei erabakiak hartzeko eskubidea aitortzen zaie.
- Soiltasuna: gure bizitzeko modua da, salgaien eta baliabideen kontsumoa murriztean eta pertsonen oinarrizko premiak asetzean oinarritua.
- Efizientzia eta efikazia: baliabideen erabilera optimoa egiten dugu, interesdun guztiei onurarik handiena eskaintzeko, adierazitako helburuak lortzeko orduan.
Kode Etikoa 2010ean onartu zuen Bazkideen Batzarrak, eta erreferentziazko araua bihurtu da administratzaileentzat, bankuaren izenean eta bankuaren kontura lan egiten duten guztientzat eta interesa duten pertsona guztientzat.
Kode Etikoa pdf formatuan deskargatzeko, egin klik hemen.
Kodearen aplikazioa egiaztatzeko, Zaintza Organismoa izeneko batzorde espezifikoa sortu zen.
Zaintza Organismoa
Kode Etikoari dagokionez, eginkizun hauek ditu:
- Kode Etikoa ezagutarazteko, sustatzeko eta aplikatzeko ekimenak sustatzea.
- Kode Etikoa betetzen eta errespetatzen dela zaintzea, bankuaren kontrol-sistemaren eta seinaleztapen-sistema espezifikoen bidez.
- Kode Etikoa larriki urratuz gero, Administrazio Kontseiluari zehapenak proposatzea, Batzorde Etikoari kontsulta egin ondoren.
- Kode Etikoaren funtzionamendua eta egokitasuna gainbegiratzea.
- Egokitu beharra ikusiz gero, horren proposamena egitea Bazkideen Batzarrari, Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Etikoaren iritzia entzun ondoren.
- Administrazio Kontseiluari eta Batzorde Etikoari Kode Etikoaren aplikazio-egoeraren berri ematea, aldian-aldian.
231/01 Legegintzako dekretuari dagokionez, dekretu horretan aurreikusitako delituak prebenitzeko kudeaketa- eta kontrol-eredua aplikatzen eta betetzen dela egiaztatzen du Zaintza Organismoak.
Honako hauek dira Zaintza Organismoko kide:
- Administrazio Kontseiluak izendatutako kide bat, independentzia-baldintza egokiak betetzen dituena (gaur egun, Lino Sbraccia, presidentea);
- Auditore Batzordeko kide bat (gaur egun, Paolo Salvaderi);
- Internal Audit-en funtzioaren arduraduna (gaur egun, Enrico Scapin);
- Compliance-ren funtzioaren arduraduna (gaur egun, Francesco Pacchin);
- Bankuko Etika Batzordeko kide bat (gaur egun, Giorgio Osti).
Zaintza Organismoak auditoretzako eta kontroleko jarduera autonomoa egiten du, interesdunek emandako jarraibideen arabera. Zaintza Organismoarekin harremanetan jarri nahi baduzu, helbide hauetara jo dezakezu:
- Posta elektronikoz: organismodivigilanza@bancaetica.com
- Posta bidez, Zaintza Organismoaren presidenteari idatziz: Banca Popolare Etica scpa – Via N. Tommaseo, 7 – 35131 PADOVA
Balio soziala
Gure ekintza operatiboa eta kulturala erantzukizun sozial korporatiboan oinarritzen da.
Tresnen artean, Balio Sozialaren ziurtagiria dugu, ICEA (Etika eta Ingurumen Ziurtapenerako Institutua) erakundeak emanda; hain zuzen ere, estandarraren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko ardura du ICEAk.
Balio Sozialaren estandarra bat dator SA 8000 nazioarteko ziurtapen-sistemarekin eta ISO 26000 arauekin, eta agintzen du arriskua kate osoan gainbegiratu behar dela, eta giza eskubideetan eta gizarte- edo ingurumen-alderdietan ekoizpen-jarduerak duen eragin negatiboa prebenitzeko tresnak erabili behar direla.
Erantzukizun Sozial Korporatiboaren arloko kalitate-marka bat da, lau urtetik gora azterketa espezifikoak egin ondoren eta interesatuen artean kontsulta ugari egin ondoren sortua, alderdi sozial, akademiko eta instituzional nagusiak inplikatuta.
Balio Sozialaren estandarraren helburuak hauek dira:
- Ekonomiaren esparruan gizarte-garapena, aukera-berdintasuna, ingurumenaren babesa, oinarrizko eskubideen errespetua eta sustapena bultzatzea.
- Merkatu garden, solidario eta bidezko baten hazkundea eta garapena erraztea.
- Erakundeak eta herritarrak gizarte-erantzukizuneko gaien inguruan sentsibilizatzea eta bidezko merkataritzaren hedapena sustatzea.
Finantza etikoei dagozkien ekintza ekonomikoen ondorio ez-ekonomikoak ebaluatzeko printzipioaren ildotik, interes-talde hauei aplikatzen zaie:
- Langileak
- Akziodunak
- Bezeroak
- Kontsumitzaileak
- Hornitzaileak
- Hartzekodunak
- Toki eta estatu mailako komunitateak
- Elkarteak
- Instituzio publikoak
- Etorkizuneko belaunaldiak
Estandar horrek barnean hartzen ditu erakunde baten erantzukizunaren alderdi guztiak: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa. Zehazki, eremu hauek gainbegiratzen dira:
- Komunitatea (tokiko komunitateekiko errespetua, webgune korporatiboen segurtasuna eta babesa, garapen eta sustapen sozialeko programak).
- Lana (bereizkeriarik ezaren politika, adingabeen lana, derrigorrezko lana, elkartzeko eta negoziazio kolektiborako askatasuna, soldata-politika, osasuna eta segurtasuna, lan-ordutegia, eskumenen garapena).
- Kontsumoa (herritarren eta kontsumitzaileen babesa).
- Ingurumena (ingurumenaren babesa).
- Merkatua (hornidura-harremanak, ustelkeriaren aurkako borroka, lehia, salmenta eta banaketa, finantza-kudeaketa arduratsua).
Balio Sozialaren estandarrari dagozkion erreklamazioak
Egoera edo gertaeraren bat estandarrean aurreikusitakoarekin bat ez datorrenean, erreklamazio bat bidal daiteke ICEAra, eta hark eginkizun hauek izango ditu:
- Erreklamaziorako edo kexarako oinarririk dagoen aztertzea.
- Interesdunari erreklamazioa edo kexa jaso izanaren berri ematea 5 egun balioduneko epean.
- Kexa “Erreklamazioen” erregistroan erregistratzea.
- Interesa duten arduradunen bidez, beharrezko jarduera guztiak egitea, bai gertakariak eta bai ICEAren balizko erantzukizuna frogatzeko behar diren datuak identifikatze eta biltze aldera.
- Ekintza zuzentzaileak abiaraztea, interesa duten arduradunak inplikatuta.
- Erreklamazioa kudeatzeko eta irtenbidea emateko modalitateak behar bezala erregistratzea, hasitako zuzentze- eta prebentzio-jardueren eraginkortasuna kontrolatzea barne.
- Erreklamatzaileari eta/edo interesdunei azken emaitzen berri ematea, erreklamazioa jaso eta 30 egun balioduneko epean gehienez.
Edozein pertsonak aurkez dezake erreklamazioa, reclami@icea.info helbidera mezu bat bidaliz, izen-deiturak, helbide elektronikoa, telefonoa eta erreklamazioaren arrazoia adierazita.
Etika eta Ingurumen Ziurtapenerako Institutuak erreklamazioa egiten duen pertsonaren konfidentzialtasuna bermatzen du.
Gizarte eta Ingurumen Auditoria
Banca Etica da kreditu-merezimenduaren ebaluazioan Gizarte eta Ingurumen Auditoria egiten duen Italiako lehen bankua. Mailegu bat eskatzen duten erakunde eta entitateei buruz gizarte- eta ingurumen-arloko informazioa biltzeko eta ebaluatzeko azterketa da.
Zehazki, tresna hori azterketa ekonomiko-finantzarioaren osagarria da, eta gakoak eskaintzen ditu, finantzatu beharreko jardueraren balio soziala, bankuaren printzipioekiko koherentzia eta finantzatu beharreko subjektuaren fidagarritasuna zehazteko; halaber, finantza etikoen eta ekonomia zibilaren balioak komunikatzeko eta transmititzeko aukera ematen du.
Gizarte-ebaluatzailea
Gizarte-ebaluatzailea Gizarte Ebaluatzaileen Erregistroan inskribatutako boluntarioa da, eta eginkizun hauek ditu:
- Mailegua eskatu duen erakundeari buruzko informazioa bilatzea eta biltzea.
- Kreditu-lerro bat eskatzen duen bezeroa bisitatzea.
- Bazkideen lurralde-barrutiaren koordinazioaren jarrera ofiziala ezagutzea.
- Bildutako informazioan oinarrituta txosten sintetiko bat idaztea.
- Bere iritzia ematea.
Gizarte-ebaluatzailea izateko, beharrezkoa da:
- Banca Eticako bazkide izatea urtebete lehenagotik gutxienez.
- Bazkide aktibo izatea bazkideen lurralde-barrutian;
- Gizarte-harremanetarako gaitasuna izatea.
- Denbora izatea.