TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Finantza etikoak

Finantza etikoei buruzko berri guztiak

Finantza Etikoak

Finantza etikoak, jasangarriak baino askoz gehiago

Pandemiak argi utzi du beharrezkoa dela errotik aldatzea bai kontu sozioekonomikoak eta bai ingurumen-kontuak kudeatzeko eta bizitzeko dugun modua.
Europako erakundeak ekintza batzuk prestatzen ari dira koronabirusaren krisiari aurre egiteko eta garapen-eredu berri bat diseinatzeko, jasangarritasuna izan dadin estrategia politiko guztien oinarri eta printzipio gidaria.

Esparru hori iazko martxoaren 10ean indarrean sartutako 2019/2088 (EB) Erregelamenduaren baitan kokatzen da. Erregelamendu hori izan da anbizio handiko Finantzaketa Jasangarrirako Ekintza Planaren harira onartutako Europako lehen Erregelamendua; hain zuzen ere, Ekintza Plan horren helburua da «jasangarritasun» terminoaren definizio partekatu bat erabiltzea finantza-inbertsioetarako, eta inbertsio horiek kudeatzen dituzten operadoreekiko gardentasun-betebehar batzuk izatea.

Baina, benetan inflexio-puntua al da 2088aren erregulazioa?

Balioetan oinarritutako bankuen aliantza globalarentzat (Gobal Alliance for Banking on Values, GABV) eta Banku Etiko eta Alternatiboen Europako Federazioarentzat (FEBEA) —horko kide da Banca Etica— EBren esfortzuak, dudarik gabe, aurrerapausoak dira.

Hala ere, aipatzekoak dira Europako Batzordearen erabakietan dauden kontraesan batzuk; lehenik eta behin, BlackRock finantza-enpresa erraldoiaren esku uztea finantza jasangarrien aholkularitza.
Eta are aipagarriagoa dena: zer-nolako alde handiak dauden finantza etikoen eta EBk finantza jasangarritzat ziurtatuko duenaren artean.

Zein dira finantza etikoen indarguneak, jasangarritzat jotzen denarekin alderatuta?  
Oinarrizko helburuak

Finantza jasangarrietan, irabaziak eta akzioen nahiz dibidenduen balioa maximizatzea da nagusi, ingurumena gehiegi ez kaltetzen saiatuz. Finantza etikoen ikuspegia kontrakoa da: onura ekonomikoak lortzea da helburua, baina onura horiek pertsonentzat, komunitateentzat eta gure planetarentzat ahalik eta handienak izan daitezen.

Ekonomia errealari laguntzea

EBko legediak ez du galarazten “finantza-bitartekari jasangarriak” direlakoek espekulazio-tresnak eta paradisu fiskalak eskrupulurik gabe erabiltzen jarraitzea; ez die jartzen mugarik burbuilak eta ezegonkortasuna sortzen duten praktikei, deribatuak erabiltzeari, espekulazio-apustuei eta maiztasun handiko tradingari.
Gogoan al duzu 2008ko finantza-krisi izugarria eragin zuen subprime hipoteka-burbuila? Finantza jasangarriei buruzko arau berriekin ere gerta liteke hori, baina ezingo litzateke gertatu, hipotesiaren arabera, denek finantza etikoen irizpideen arabera jokatuko balute.

Ikuspegi sistemikoa?

EBko legedia finantza-produktu jakin batzuk jasangarriak direla “ziurtatzera” mugatzen da, eta ez du aztertzen horiek merkaturatzen dituzten bitartekarien lan osoa. Bitartekari batek produktu “berdeak” salgai jar ditzake, energia-iturri fosiletan, armetan eta abarretan inbertitzen duten produktuekin batera. Aldiz, finantza etikoen arloan, gizarte- eta ingurumen-inpaktuen ebaluazioa jartzen da proposatutako finantza-produktu guztien eta merkataritza-praktika guztien erdigunean.

Gobernantza-eredua

Europako legediak ez du galarazten finantza-bitartekari “opakuak” eta “txinatar kutxa” deituriko sistemak jasangarritzat definitzea. Finantza etikoetako operadoreen gobernantzan, aldiz, maila guztietan aplikatzen dira gardentasuna eta parte-hartzea.

ESG parametroen garrantzia

EBren ikuspegian jasangarritasuna ingurumenaren alderdia aztertuz definitzen da ia esklusiboki, zehazki CO2 isurien murrizketa aztertuz. Aitzitik, finantza etikoek defendatzen dute sektore ekonomiko batzuk inbertsioetatik kanpo utzi behar direla nahitaez (armak, energi-iturri fosilak, pornografia, etab.). Finantza etikoen ikuspegian, ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-alderdi guztiak hartzen dira kontuan ESGaren azterketa tradizionalean (ingelesezko akronimo horrek Ingurumena, Gizartea eta Gobernantza esan nahi du, eta inbertsioen jasangarritasuna neurtzeko erabiltzen diren irizpideak adierazten ditu).
Lehenengo ikuspegiaren arabera, inbertsio “jasangarritzat” har litezke gasezko zentral elektrikoak edo zentral hidroelektrikoak, nahiz eta ingurumena hondatzen duten eta lurralde horietan bizi diren komunitateak arriskuan jartzen dituzten presak eraikita sortuak izan. Finantza etikoetan, ordea, inbertsio horiek onartezinak dira. Era berean, Big Tech-en inbertitzea onartezina da, zeren eta inbertsio teknologiko handiak, CO2 isuriei dagokienez neutrotzat jotzen diren arren, ez baitira zerga-alorrean gardenak.

Lobby-ak

Finantza espekulatiboek baliabide asko erabiltzen dituzte erakundeak presionatzeko, beren helburuak lor ditzaten, are inbertsio nuklearrak edo erregai fosilei lotutako batzuk jarduera “jasangarritzat” jotzea eskatzeraino. Finantza etikoek, berriz, pertsonei eta komunitateei buruzko kontzientzia behetik gora sortzean jartzen dute arreta, uler dezaten zer eragin negatibo dituen oso epe laburrean irabaziak maximizatzera bideratutako finantzaketak. Lehentasunezkoa da, halaber, finantza-transakzioen gaineko zerga bat eskatzea, merkataritza-bankuak eta inbertsio-bankuak banatzea, paradisu fiskalen aurkako borroka serio egitea, deribatuen erabilera mugatzea, etab.

Gizarte-inplikazioa eta eraldaketa

Finantza tradizionalek —baita jasangarriak direla esaten denean ere— inbertitzen duten enpresetan soilik bilatzen dituzte etekinak. Finantza etikoetan, inbertitzen den enpresekin hitz egitea bilatzen da, haien gizarte- eta ingurumen-jarduera hobetzeko eta, hartara, benetako gizarte-eraldaketa eragiten laguntzeko.

Banca Eticako presidente Anna Fasanok esan bezala: “Finantza etikoek lortu nahi duten justizia soziala eta inklusioa askoz harago doa EBk proposatzen duenetik. Irabaziak, espekulazioa, gobernantza, inpaktua, eragina izatea eta herritarren eraikuntza terminoek esanahi guztiz desberdina hartzen dute, eta esparru koherente bat osatzen dute, ekimen zehatz batzuk gehitzera mugatzen ez dena; aitzitik, proposamen integral bat osatzen dute, gizarte-justizia eta guztien ongia sortzeko finantza-bitartekariek nola jardun behar duten azaltzeko”.