TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Eragin positiboa duten istorioak

Jakin ezazu zure diruak zer finantzatzen duen

Etica e cooperativa

Cabrero de Bolonia, presarik gabeko esnekiak

Madrilen jaio ziren, eta 20 urtez gizarte-sektorean lan egin ondoren, Mariok eta Lorenak erabat aldatu zituzten beren bizitzak duela hiru urte, 2020an Cadizko Itsasarteko Parke Naturaleko finka batean jarri baitziren bizitzen El Cabrero de Bolonia proiektua aurrera eramateko. Orduz geroztik, zeregin bera dute biek: artisau erako gaztak eta jogurtak egitea, ekosistema errespetatuz eta zainduz.

El Cabrero de Bolonia gaztandegian, esnekiak egiteaz gain, ahuntzak haztetik hasten dute prozesua. Bikote honek Payoya ahuntz-esneaz egiten ditu bere produktuak. Galtzeko arriskuan dagoen espezie autoktonoa da Payoya, eta, gainera, funtsezkoa da Itsasarteko Parke Naturaleko ekosistema babesteko. Arraza hori babesteak, inguruko biodibertsitatea bermatzeaz gain, aukera ematen du Cadizko lurralde hori osasuntsu mantentzen duten sinergiak zaintzeko. Hala, proiektu horrek argi eta garbi erakutsi du ingurumena zaintzeko modu bat izan daitekeela ekoizpen jasangarria.

Presarik gabe egiten

Lorenarentzat eta Mariorentzat hiri handiko erritmo frenetikotik ihes egiteko eta landa-eremua beste era batean estimatzeko modua izan zen proiektu honetan sartzea. Azken batean, denbora eta prozesu naturalak errespetatzea da euren ekoizpenaren oinarria. Erritmo horiek, ekoizpen industrialetik erabat urrun, prozesu osoan zaintzen dituzte: aralditik hasi eta esnearen pasteurizazioarekin buka, ahuntzak elikatu eta larrean zaintzeaz gain.

Hiriko bizitzatik ihes egite hori da, hain zuzen ere, Cabrero de Bolonia gaztandegiak berak eskaintzen duen esperientzietako bat, artzain-lanetan edo gaztagintzan parte hartzeko aukera ematen baitu, bere produktuak dastatzearekin batera.

Jasangarritasuna prozesuan zehar

Proiektuarekin lotutako prozesuak eta lana arretaz zaindu ondoren, funtsezkoa izaten jarraitzen du helburuak: kontsumo jasangarriko alternatiba bat eskaintzea. Izan ere, ekoizpen intentsiboaren eta azalera handietako kontsumoaren testuinguru honetan, El Cabrero de Bolonia bezalako proiektu batean sartzea iraultza txiki bat da sistemaren aurrean. Artisau erako ekoizpenak lana gogor egitea eskatzen badu ere, ahalegin hori konpentsatzen da, naturarekin bat datorren lana delako eta bezeroek estimatzen dutelako.

Banaketa-sare handirik izan gabe, produktuak gaztandegian bertan saltzen dituzte, Bolonia hondartzan, tokiko merkatuetan eta penintsula barruan egiten dituzten bidalketen bidez. Ekoizpena handitzeko asmoa badute ere (gaur egun 150 dituzte, eta kopurua beste 50 handitzeko aukera baloratzen ari dira), proiektu jasangarria eta ekologikoa mantentzea da lehentasuna hasieratik amaierara.

Fiare Banka Etikoak finantzatutako ekoizpen ekologikoko proiektuetako bat da El Cabrero de Bolonia, ingurumen-inpaktu positiboa duten ekoizle txikien eta proiektuen aldeko apustua egiten baitu Fiarek.