TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Finantza etikoak

Finantza etikoei buruzko berri guztiak

Finantza etikoak

Europako finantza etikoei buruzko 7. txostena: banku etiko sendoak eta ekonomia errealaren ondoan daudenak

Banku etikoek indarra hartu dute banku tradizionalaren ordezko eredu gisa, bai eta etorkizuneko erronka sozial eta klimatikoei aurre egiteko gai diren eredu gisa ere. Europako Finantza Etikoei buruzko 7. Txostena azaroaren 27an aurkeztu zen ofizialki Madrilen, eta nazioarteko irismena duen ekitaldi bat da, sistema ekonomiko bidezkoagoa eta komunitateekiko eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa eraikitzearen alde egiten duena.

7. txostena eta emaitza nagusiak: ereduaren desberdintasunak

Txostena honako erakunde hauek egin dute: Fondazione Finanza Etica, Fundación Finanzas Éticas eta Banku Etiko eta Alternatiboen Europako Federazioa (FEBEA). EBZk zuzenean gainbegiratzen dituen Europako 60 banku nagusien eta GABV sareari (Global Alliance for Banking on Values) eta FEBEAri lotutako Europako 26 banku etikoen arteko azterketa eta konparazioa da.

Kapitala, aktiboen eta kudeaketaren kalitatea, mozkinak eta likidezia: horiek dira kreditu-erakundeak baloratzeko erabiltzen den CAMEL ereduak aztertutako 5 parametroak. Emaitzak erakusten duenez, banku etikoak banku tradizionalak bezain sendo agertzen dira, baina ekonomia erreala babesteko joera handiagoa dute.

Xehetasunei helduz, azpimarratzekoa da banku etikoentzat ekonomia errealari emandako kreditua aktiboen ia % 70 dela, eta tradizionalentzat, too big to fail esaten zaien horientzat, aktiboen % 51,6, arrisku gutxiago dituzten (Estatuaren bonuak, adibidez) edo espekulatzaileagoak diren aktibo finantzarioak hobetsiz.

Kreditu-erakunde tradizionalek finantza-aktiboei dieten erreparo hori agerikoa da ROE (mozkin garbia/ondare garbia) aztertuz gero ere. Hamar urtetik bostetan, banku etikoen ROE banku tradizionalena baino nabarmen handiagoa izan da (ehuneko +5,85 puntu 2013an). Horren arrazoia da banku handiek 2007-2008ko krisia jasan zutela, eta oso poliki joan zirela suspertzen. Banku etikoak, aldiz, ez zeuden finantza-merkatuen halako eraginpean, eta beraz, ez zuten atzerakada handirik izan. ROE positiboari eutsi zioten beti, batez beste % 5ean, gutxi gorabehera. Azken bi urteetan, krisitik atera diren banku tradizionalek banku etikoek baino ROE altuagoa sortu dute.

Banku etikoek kapital-egokitzapen handiagoa dute, batez beste: 1. mailako ratioa % 23,32koa da, eta banku handiek, berriz, % 17,23koa. Horrek erakusten du gaitasun sendoa dagoela krisi orokorreko faseetan gerta daitezkeen galerak xurgatzeko.

Banku etikoek kredituak ematean duten ikuspegiak azaltzen du, halaber, banku etikoek duten kostu operatiboen eta diru-sarreren (KAE) arteko batez besteko erlazioa % 65,74koa izatea, aldiz banku tradizionalena % 52,60koa da. Kreditu-jarduera langileen eta administrazio-praktiken erabilera-maila handia eskatzen duen jarduera da, eta finantza-inbertsioko jarduera ez bezala, ezin da erabat digitalizatu, ondorioz, garestiagoa da. Horrez gain, Banku etikoek ikerketa sakonagoak egiten dituzte kredituak eman aurretik, gizarte eta ingurumen alderdien ebaluazioa barne.