Aurtengo balantzeak esanahi berezia du, bi mugarri nabarmenekin bat egiten baitu: 10 urte bete ditugu Espainian sukurtsal gisa jardunean, eta 25 urte igaro dira Paduan (Italia) abian jarri ginenetik. Azken hilabeteetan, lorpen horiek ospatzeko, aintzatespen- eta eskertze-ekitaldiak egin ditugu, bai eta datozen urteetarako zain ditugun aukerei buruzko hausnarketak ere.
Ospakizun-testuinguru horretan, joan den abenduan Frantzisko aita santuak harrera egin zigun, eta gogorarazi zigun “banku-erakundeek erantzukizun handia dutela mentalitate inklusiboa sustatzeko eta bake-ekonomia babesteko”.
10 urte hauetan Espainian izandako jardunaren analisiak erakusten duenez, urtean % 25 hazi da aurrezkia eta % 33 kreditua, gure sektorearen batez bestekoaren oso gainetik. Gure historiari egindako begirada horretan, gure lehendakari Anna Fasanok gogorarazi zuen erakundea abian jartzeari esker “gutxi batzuen ametsa askoren proiektu bihurtu zela, begirada guztiengan jarrita”.
Eta “guzti” horiek, beren ekonomiaz haratago pentsatzen duten pertsona eta erakunde horiek, ezinbestean ekartzen dizkigute gogora etikoki bideratu gabeko finantza-mugimenduen ondorioak gehien sufritzen dituzten pertsonak; gerra-gatazketan jarraitzen duten pertsonak, eta gatazka horiek eragindako heriotza, mina eta lekualdatutako pertsonen oldeak. Gure herrietara ere iritsi ziren oldeak, Dana suntsitzaile baten bidez.
Konpromiso-ildo horri jarraituz, 2024an zabaldu egin ditugu 2023an ezarritako neurriak, hipoteka-maileguetan interes-tasak garestitzeak izandako eragina arintzeko. Antzeko ekintzak aplikatu ditugu Valentzian eta Leturren (Albacete) finantzaketa-eragiketetan. Finantzetan efektu bat eragitetik haratago, elkartasun- eta laguntza-mezu bat bidali nahi dugu gure eskura dagoen horretatik.
Ekonomia sozialaren bultzadari esker, % 15eko hazkundeari eutsi diogu kredituan 2024an. Sektore honetako finantzaketa-beharrei buruz Abay Analistas-ekin batera egin dugun azterlanak nabarmentzen du ekonomia sozialeko erakundeen % 89,2k berdin mantentzea edo haztea espero duela, eta Espainiako ETEen artean, berriz, % 77,5ek. Indar horrek eta ekonomia sozialarekiko dugun konplizitateak (horren parte baikara) bultzatu gaitu uztailean ekonomia sozialerako finantza-ildo bat abiaraztera, 100 milioi eurokoa, datozen 2 urteetarako.
Horren hazkundeari laguntzeko konpromiso horretan, hitzarmen bat sinatu dugu urtearen amaieran CESGARekin, gure herrialdeko Elkarrekiko Berme Baltzuen erakunde ordezkariarekin. Horrez gainera, Banca Eticak Europako Inbertsio Funtsarekin duen akordioa berritzea gehituz gero, hainbat tresna izango ditugu gure jarduera-sektoreen finantzaketari ahalik eta sendoen aurre egiteko.
Finkatutako sektore horien artean —hala nola kooperatibismoa, hirugarren sektorea, gizarteratze-enpresak, enplegu-zentro bereziak eta etxebizitza soziala—, finantzaketa kulturalaren hazkundea nabarmentzen da, bereziki ekoizpen zinematografikoarena, gure jardueran pisua hartzen jarraitzen duena.
Ekimen horiek oso ondo islatzen dute Banku Etikoen Europako Federazioko (FEBEA) gure erakunde ahaideekin partekatzen dugun espiritua. Azaroan, gure Finantza Etikoak Fundazioarekin eta Italiako homologoarekin batera, “Irabazitik haratago” txostena aurkeztu genuen Madrilen. Txosten horrek agerian uzten du banku etikoek aktiboen % 68,84 bideratzen dutela batez beste kreditu-inbertsiora, eta banku tradizionalek, berriz, % 51,64.
Ekonomia errealaren eta lurralde-lanaren ikuspegi horrek gidatu du aurten ere gure hedapena. Galizian, gure presentzia sendotu genuen, Santiagon Espazocoop (Galiziako kooperatibismoaren erreferentea) eta EAPN Galicia (pobreziaren aurkako borrokarako sarea) erakundeekin partekatutako gune batera joanez. Era berean, Granadan lanpostu berri baten deialdiarekin itxi genuen 2024a, Andaluzian gure erantzuna indartzeko.
Zuen babesari esker iritsi gara honaino. Ziur gaude elkarrekin askoz gehiago lortuko dugula etorkizunean.
2025 zoriontsua opa dizuegu, bihotzez.
______________________________________________________________________
Babestu zure txartelak online eta offline erosketak egitean
29.11.2024
Europako finantza etikoei buruzko 7. txostena: banku etiko sendoak eta ekonomia errealaren ondoan daudenak
27.11.2024
Fiare Banca Eticarekin sinatutako hitzarmenen eguneraketa
21.11.2024
GOIDIak kaltetutako pertsonei eta erakundeei laguntzeko neurriak
11.11.2024
Etorri Madrilera finantza etikoen hamarkada bat ospatzera!
31.10.2024
Akziodunak guztion ongiaren alde: Fiare Banca Eticak hamar urte
29.10.2024