Gaur Fiare Banku Etikoaren nazioarteko dimentsioari buruz gogoeta egin ahal izateko, hasteko eta behin agerian jarri behar dugu urte hauetan arlo horri lotuta egin izan dugun askotariko lan eskerga. Beharbada, elementu esanguratsuena, eta dudarik gabe guztioi erronka gehien planteatzen diguna, gure finantza-jardunaren nazioartekotzea da; izan ere, gure erakundeak Europako bi herrialdetan jarduten du. Alabaina, eta hori oso garrantzitsua izanagatik, gure nazioarteko dimentsioa esparru horretatik askoz ere harago doa.
Hain justu ere, Fiare Banku Etikoan ia-ia hasieratik jardun izan dugu nazioartean, hainbat mailatan: merkataritza-itunak egin ditugu mundu osoan lan egiten duten beste finantza-erakunde batzuekin; zenbait akordio sinatu ditugu EBko erakundeekin, hala nola Inbertsioen Europako Funtsarekin; eta gure fundazioek eta gure erreferentziazko bazkideetako ugarik egindako lanak eragin handia izan du politikan eta kulturan. Hori horrela, mundu osoan inpaktua izan duten denetariko jarduerak egin ditugu gure historian, eta, horrekin guztiarekin, finantzak egiteko eredu alternatibo bat zabaldu ahal izan dugu, zeinak garbi erakutsi baitu (eta horrelaxe ikusten dute nazioartean ere) bere balioa eta sendotasuna.
Gure finantza etikoen proposamena Europa mailan finkatzeko apustu irmoa egin genuen, eta horren ondorioz, besteak beste, 2001ean Europako Banku Etiko eta Alternatiboaren Federazioa (FEBEA) sortu genuen Frantziako Crédit Coopératif, Caisse Solidaire du Nord Pas-de-Calais eta La Nef erakundeekin, Belgikako Crédal eta Hefboom-ekin eta Poloniako TISErekin. Orduz geroztik, FEBEA faktore erabakigarria izan da gure eredua nazioartean instituzionalizatzeko, eta gerora, 2009an, Global Alliance for Banking on Values (GABV) sortu zen, mundu guztiko banku-erakundeak biltzen dituen taldea.
Mundu osoan jarduten duen finantza-eredu alternatiboa izanik, gaur geure buruari galdera ireki batzuk egin beharrean gaude: zer adierazten du guretzat jokaleku berri honek? Testuinguru honetan nola heldu behar diogu gure misioari? Nola lor dezakegu gure oinarri sozialak prozesuotan parte hartzea? Zenbateraino da zentzuzkoa horrelako jardueretan inplikatzea? Ezin dugu ahaztu nazioarteko esparruak politikaren eta kudeaketaren inguruko bestelako ikuspegi bat eskatzen duela (sarri luzera begirakoa) eta balio-eramaile guztiei eragiten dieten beste gaitasun batzuk lortzeko erronka jotzen digula. Jarduera horren eraginez (onartu beharra dago), zenbaitetan, berehalako itzulkin komertzialik izango ez duten apustuak egin behar dira, eta beste arrisku batzuk sortzen dira, esaterako agerikoago bihurtzen garelako kokatu gabe gauden espazioetan, edota aztertu egin behar izaten dugulako ea komeni zaigun aliantzak egitea gauza batzuetan bat gatozen baina beste batzuetan ados ez gauden erakundeekin. Ahalegin askoz handiagoa egin behar dugu proiektu eta jardueretan inplikatzearen balioa erakusteko; izan ere, hasieran, baliteke proiektu eta jarduera horiek gure oinarri sozialari urrunekoak iruditzea, pentsa baitezake gure funtsezko misiotik aldentzen diren abenturak direla.
Arrisku eta aukeren jakitun izanik, onartu behar dugu ezin diogula bizkar eman gure jarduera barne hartzen duen ekosistema bihurtzen ari den dimentsio horri. Dimentsio hori ez da urruntzen Fiare Banku Etikoaren misiotik; aitzitik, sendotu egiten du finantza-espazioa eraldatzeko eta herritarrak espazio horrekin harremanetan egoteko moduak aldatzeko gure misioa. Alde horretatik, Fiare Banku Etikoak datozen urteotarako duen estrategiak garrantzi handia ematen die nazioarteko politika, kultura eta finantzetan eragina izango duten jarduerei: balioa ematen die kide ditugun nazioarteko sareei, eta horietako batzuekin konpromiso handiagoa behar dela nabarmentzen du. Apustu horren harira, azken hilabeteetan, FEBEAko presidentetza hartu eta GABV eta Finance Watch-eko kontseiluetan parte hartu dugu. Horrez gain, joan den abenduan, Etica SGRk eta Fiare Fundazioak Shareholders for Change akziodun kritikoen sarea sortu genuen Fondazione Finanza Eticaren ekimenez.
Laburbilduz, gaur esan dezakegu nazioarteko dimentsioa gainean dugula eta ezin ahatz dezakegula. Esan dudan moduan, Fiare Banku Etikoan ezin dugu ahaztu eredu finkatua garela eta alternatiba gisa dugun balioa mundu osoan aintzatesten dela, eta horrek eredu hau hedatzeko prozesuetan parte hartzeko (eta batzuetan prozesu horiek gidatzeko) ardura ematen digu. Gure erronka da (eta ez nolanahikoa) gure zeregina behar bezala kudeatzen jakitea, ahaleginak neurtuz eta gure sistemaren elementu guztiak inplikatuz, nazioarteko dimentsio hori gure misioaren elementu saihetsezina dela kontuan hartuz.
Peru Sasia
Banku Etikoko kontseilaria
Febeako presidentea
Fiare Banca Etica e o Fondo Europeo de Investimentos: un novo acordo para impulsar as finanzas éticas
05.12.2024
Protexe as túas tarxetas ao facer compras online e offline
29.11.2024
7.º Informe sobre finanzas éticas en Europa: bancos éticos sólidos e a carón da economía real
27.11.2024
Medidas de apoio ás persoas e entidades afectadas pola DINA
11.11.2024
Actualización dos convenios con Fiare Banca Etica
06.11.2024
Convidámoste a celebrar unha década de Fiare Banca Etica en Madrid!
31.10.2024