TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Finantza etikoak

Finantza etikoei buruzko berri guztiak

Finanzas Éticas

Akziodunak guztion ongiaren alde: Fiare Banca Eticak hamar urte

Akziodunak guztion ongiaren alde: Fiare Banca Eticak hamar urte

Akziodunak guztion ongiaren alde” izeneko txostenak Fiare Banca Eticaren hamargarren urteurrena ospatzen du. Azterlanean, bankuak izandako eragin positiboa azpimarratzen da, ez bakarrik finantza-arloan izandakoa, baita kultura- eta gizarte-arloan izandakoa ere. Hain zuzen ere, argi eta garbi erakusten du nola lagundu duten bere ekintzek hamar urte hauetan finantzak eraldatzen eta ekonomia bidezkoago eta ekitatiboagoa garatzen. Txostenean argi azaltzen denez, Fiarek, 2014an sortu zenetik, ondo frogatu du eraiki daitekeela bestelako banka-eredu bat: guztion ongia, planetaren zaintza eta giza eskubideen errespetua lehenesten dituen banka-eredua.

Erabateko jasangarritasunarekiko konpromisoa

Gure bankuaren ezaugarri nagusietako bat da erabateko jasangarritasunari buruz duen ikuspegia, kontuan izanik kontzeptu horrek ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren dimentsioak biltzen dituela. Fiarek, ohiko banka-ereduetatik urrun, onurak maximizatu nahi ditu, ez bakarrik bezeroentzat, baita komunitateentzat eta ingurumenerako ere.

Azken hamarkadan, ekonomia jasangarriak eta bidezkoagoak sustatzen dituzten proiektuak finantzatu ditu Fiarek. 2021etik 2023ra bitartean, 51,6 milioi euro bideratu zituen gizarte-ikuspegidun enpresa-ereduak sustatzen dituzten erakundeetara. Laguntza horri esker, adibidez, 16.629 enplegu sortu dira egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat, eta bidezko merkataritza, nekazaritza soziala eta turismo arduratsua garatu dira.

Gainera, bankuak berebiziko garrantzia izan du ingurumen-ondasun komunen babesean, 27,6 milioi euro bideratu baititu natura babesteko proiektuetara, hala nola energia berriztagarrien 83 instalazio finantzatzera eta 166.500 hektarea lur kontserbatzera.

Finantza-hazkunde sendoa

Fiarek, 2014an sortu zenetik, hazkunde finantzario esanguratsua izan du, eta horrek argi islatzen du pertsonek eta erakundeek badutela konfiantza Fiareren eredu etikoan. Fiareko gordailuak urteko % 25 hazi dira, batez beste, 2015etik, Espainiako banku-sistemaren batez bestekoa (% 3) baino askoz gehiago.

Hazkunde hori mailegu-zorroan ere islatzen da, 2023an 107 milioi eurora iritsi baitzen. Mailegu horien bidez, gizarte- eta ingurumen-inpaktu positiboa duten proiektuak finantzatu dira, hala nola efizientzia energetikoko ekimenak, 711.000 kWh aurreztu dituztenak, bai eta 953.000 tona hondakin kudeatzeko proiektuak ere.

Finantza-hezkuntza: Ekintza eraldatzailea

Fiare Banca Eticak, finantza-zerbitzuak eskaintzeaz gain, herritarrak hezi eta kontzientziatu nahi ditu finantzek gizarte bidezkoagoa sortzeko izan behar duten eginkizunari buruz. Txostenaren arabera, inkestatutako pertsonen % 27,5ek adierazi zuten orain hobeto ulertzen dituztela aurreztaile diren aldetik dituzten eskubideak, eta % 24,8k esan zuten aurrezkia eta likidezia kudeatzeko gaitasun handiagoa dutela orain. Hezkuntza-lan hori funtsezkoa da pertsonek finantza-erabaki arduratsuagoak eta kontzienteagoak hartu ahal izan ditzaten.

Gainera, inkestatutako pertsonen % 60k adierazi zuten Fiarerekiko harremanak aldaketa positiboa eragin diela pentsatzeko eta jarduteko moduan, eta inkestatutako erakundeen % 50ek, berriz, aipatu zuten gizarte- eta ingurumen-erantzukizunari buruzko kontzientzia eragin diela.

Hamar urtez inpaktua eragiten

Bere lehen hamar urteetan, Fiare Banca Eticak erakutsi du posible dela finantzak beste modu batean egitea, pertsonak eta planeta jarriz erabakien erdigunean. 2023an 3.738 bazkide izanik eta kapital soziala etengabe hazten ari dela, Fiare prest dago etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta ekonomia inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen laguntzen jarraitzeko.