Nazioartekoa
Ez gaude bakarrik
Ez gara konformatzen gure jendeari, gure komunitateari, gure herriari laguntzearekin. Justizia sozialaren, aukeren eta jasangarritasunaren printzipio etikoek bidea erakusten diete mundu osoko beste finantza-erakunde askori. Elkarrekin, lor dezakegu.
Fiare Banca Eticak harremanak garatu ditu zenbait herrialdetako institutu eta erakundeekin: hain zuzen ere, giza garapen, gizarte-garapen eta ingurumen-arloko garapen jasangarriaren aldeko finantza etikoak eta ekonomia solidarioa eraikitzeko konpromisoa dutenekin. Europako Banku Etikoen eta Alternatiboen Federazioko bazkide gara, eta lankidetzan jarduten dugu Global Alliance for Banking on Values sarearekin.
FEBEA
FEBEA (Banku Etiko eta Alternatiboen Europako Federazioa) irabazi asmorik gabeko erakunde belgikarra da; 2001ean sortu zuen Banca Eticak, Crédit Coopératif eta Caisse Solidaire du Nord Pas-de-Calais (Frantzia), Crédal eta Hefboom (Belgika) eta TISE (Polonia) erakundeekin batera, Europan finantza etikoak eta bidezkoak garatzeko. Gaur egun 9 banku, 6 finantza-kooperatiba, 5 inbertsio-sozietate eta 3 fundazio biltzen ditu.
Esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko tokia da. Baina, batez ere, euskarri-tresna finantzarioak sortzen ditu finantza alternatiboen arloan, bai lehendik ari diren erakundeentzat, bai arlo horretan sortzen ari direnentzat. Hiru tresna nagusi ditu: “Garantie Solidaire” berme-fondoa, “Choix Solidaire” inbertsio-fondoa (biak Crédit Coopératif erakundeak kudeatuak) eta SEFEA finantza-sozietatea.
Global Alliance for Banking on Values
Global Alliance for Banking on Values (GABV) sare independentea da, mundu osoan finantza etikoen printzipioetan oinarrituta jarduten duten bankuez osatua.
2009an jaio zen, eta 19 banketxe ditu atxikiak 24 herrialdetan.
GABV, gainera, gaur egun bizi dugun krisia eragin duen finantza-sistemaren alternatiba sinesgarria da. GABVi atxikitako banku bakoitza bakarra da, baina guztiek dute konpromiso bera: aurreztaileek utzitako dirua pertsonen eta ingurumenaren onurarako erabiltzea. Negozio-erabakiak, lehenik eta behin, oinarrizko giza beharrei erantzuteko hartzen dira, eta, ondoren, aztertzen da zer egin daitekeen eskakizun horiek finantzaketa jasangarriaren bidez asetzeko.
Hauek dira GABVeko bankuak: Affinity Credit Union (Kanada), Alternative Bank Shweitz AG (Suitza), Assiniboine Credit Union (Kanada), Banca Popolare Etica (Italia eta Espainia), Banco Sol (Bolivia), Bankmecu Responsible Banking (Australia), Brac Bank (Bangladesh), First Green Bank (AEB), Gls Bank (Alemania).